Sarrera
Sarritan egoeraren araberako epe laburreko taktikak epe ertainerako estrategiekin nahasten ditugu. Lehenengoari dagokionez, asko dago, bigarrengotik, ordea, gutxi.
Dokumentu honek Euskal Osasun Sistema epe ertainean eraldatzeko esku-hartze esparru bat eskaintzen du. Independentea da, baina osatzen ditu krisi ekonomikoa dela eta hartzen ari diren egoeraren araberako neurriak eta kudeaketa-arlokoak. Egoeraren araberako neurriak iraunkortasuna ziurtatzeko gastua epe laburrean murrizten saiatzen dira, Kronikoentzako Estrategiaren amaierako emaitzak, berriz, arreta-zerbitzua antolatzeko era berri bat izan nahi du, sistemaren dimentsio guztietan eraginez (osasunaren emaitzak, asebetetzea, gaixoen eta zaintzaileen bizi-kalitatea, eta iraunkortasuna). Era berean, egiturako eraldaketa honek egungo egoera ekonomikoaz haratago egiten du, eta denboraldi luzea behar du (gutxienez 2 eta 5 urte artean), sisteman eragin nabaria aditzera eman baino lehen.
Euskadiko biztanleek gero eta bizi-itxaropen luzeagoa dute azken hamarkada hauetan eta aldaketa nabaria eman dute euren bizitza-estiloetan. Horren ondorio bat gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek gero eta gehiago irauten dutela da, eta gure osasun sistemaren gaixo gehienak kronikoak dira, patologia batekin edo batekin baino gehiago.
Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen premiei aurre egitea Euskal Osasun Sistemaren (EOS) erronka nagusia da. Patologia horiek inpaktu anitza dute: gaixo kronikoen bizi-kalitatea, produktibitatea eta egoera funtzionala nabarmen murrizten dute; zama astuna dira erikortasunari eta hilkortasunari dagokienez; eta osasun- eta gizarte-arloko kostuak igotzea eragiten dute, babes-sistemaren iraunkortasuna epe ertainean arriskuan jarriz.
Eremu honetan aurrera egiteko bideak indarreko kontzeptu-esparruak aldatu behar dira, sendaketari eta zainketari bide emanez, euren adiera zabalagoetan. Aipatutako aldaketa hori behar bezala egituratu behar da gure garaiko gizarte- eta osasun-politiken diskurtsoan. Pertsona eta bere ingurua, bere osasuna eta premiak Sistemaren xede bilakatu dira, gaixotasun hutsa artatzearen kalterako.
Pertsona batengan egoera kroniko gehiago izateak, oro har, ezgaitasunerako eta hilkortasunerako arriskua areagotzen du, eta patologia kronikoen barruan, nabaria da ezgaitasuna eragiten dutenen kopurua. Gaixotasun kronikoaren eta mendekotasunaren artean dagoen harreman estu hori erabakigarria da osasun- eta gizarte-politika egokienei lehentasuna ematerakoan eta horiek identifikatzerakoan.
Halaber, kronikotasuna arretaren kalitatearen aldeko erronka bat da, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek behar ez bezalako zainketak jasotzeko eta aurkako efektu farmakologikoak pairatzeko aukera gehiago baitute.
Osagarri gisa, kronikotasunaren aldeko erronkak modu proaktiboan jardutera gonbidatzen du, gaixotasuna agertzea eragiten duten osasunaren faktore erabakigarrietan. Horregatik, oso garrantzitsua da aurre egitea, gaixotasun horiek agertzea eta aurrera egitea murrizten duen esku-hartze esparru bat sortzeko, promozio- eta prebentzio-jardueren bidez.
Laburbilduz: kronikotasuna erronka orokorra planteatzen duen fenomeno bat da, eta erantzun sistemikoa jaso behar du. Gaixotasun zehatzez edo kolektibo espezifikoez haratago eginez, kronikotasuna egitura baldintzatzaileetatik eta patologiek aurrera egitea eragiten duten bizi-estiloetatik atzeman behar da, gaixo kronikoaren eta zaintzaileen gizarte- eta osasun-arloko premietara iritsi arte: hasierako etapetatik bizitzaren amaierako fasearen arretaraino, arretatik, susperralditik eta errehabilitaziotik igaroz.
Estrategia honek gaixotasun kronikoek eragindako kolektiboen osasuna eta ongizatea hobetu nahi du, baita horien intzidentzia eta inpaktua murriztu ere.







Kronikotasunaren Estrategiarako Bulegoa