Kronikotasunaren erronka Euskadin

Gaixo kronikoak ez daude osasun-sistemaren radarrean. Hori hala da, duela hainbat hamarkadatik, sistema erreskate-logika batekin, bizitzak salbatzeko logika batekin eratu delako, eta horregatik, gaixotasun akutuetan murgilduta dago. Gaixotasun kronikoen aurrerapena dela eta, sistema hura osatu behar da zaintzeari zein osatzeari buruzko terminoetan arrazoitzen duen sistema batekin, bizitza osoan zehar etengabeko zainketak eskaintzen dituen batekin, behar ez bezalako ospitaleratzeak prebenitzeari eta kostuak murrizteari dagokien ahalmen erantsiarekin.

Hurrengo hamarkadetan, euskaldunen % 26a, baby boomer-ak, 65 urtetik gorakoa izango da. Gure gizartea, aurreneko aldiz, egoera berri bati aurre egiteko prest egon beharko da, alegia; gaur egun 50 urte dituztenek gurasoak zaintzen, seme-alabak zaintzen eman zuten denbora baino luzeago eman beharko dute. Gure gizarte-politiketan eta zahartzeari buruzko gure kontzeptuetan aldaketa handirik eman gabe, ezinezkoa izango zaigu egungo gizarte-egoerari aurre egitea.

Dokumentu honek Euskadin zer egin eta norabide horretan aurrera nola egin proposatu du.

Hurrengo hamarkadetako medikuntzak eta biozientziek aurkikuntza berriak ekarriko dituzte. Horietako askok bizitzak salbatuko dituzte eta funtsezkoak izango dira gaixo kronikoentzat. Hala ere, Osasuna aurrerabide biomedikoak aldatuko duen bezainbesteko intentsitatearekin aldatuko duten eta bizitza asko salbatuko dituzten eta gaixo kronikoentzat funtsezkoak izango diren beste bi alor garrantzitsu existitzen dira. Horiek informazio-teknologien eta zerbitzu-antolaketen aurrerapenak dira.

Testu honetan bildutako estrategiak balio berbera ematen die aurrerapen hauei eta aurrerabide biomedikoari, eta adierazten du biozientzia hutsa ez dela nahikoa gure gizarteetako kronikotasunaren erronkari aurre egiteko.

Ez da makila magikorik proposatu, antolatutako aurrerabidea baizik aldaketa-polea anitzetik tira eginez. Ez da nahikoa sistema pizgarriekin bakarrik aldatzea. Horrez gain, beste hainbat zeregin ere badago, besteak beste: informazio-teknologietan inbertitu, gaixoak hezi euren gaixotasuna kudeatzeko, medikuntza hobea sustatzeko, ebidentzian oinarrituta eta lehen mailako laguntza-, ospitale- eta gizarte-zainketak barne hartu. Polea horiek guztiak batera mugitu behar dira. Horiei modu antolatuan eragiten bazaie, premiazko aldaketa egiteko beharrezko erreminta-bateria bat osatuko da. Hemen esku-hartze estrategiko moduan aurkeztu dira. Horiei esker, azken hamarkadetako erronka konplexuenari eta garrantzitsuenari aurre egin ahal izango diogu: gaixo kronikoentzako osasun-sistema duina antolatzea, XXI. mendeko erronkarik garrantzitsuena.

Bestalde, kudeaketari eta buruzagitzari dagokien zenbait kontzeptu aldatu behar da. Ezingo da sistema hobetu laguntza-erakundeen barne errendimendua bakarrik oinarri hartuta. Horien arteko koordinazioa hobetzea are garrantzitsuagoa da. Lehen mailako laguntza, ospitaleak eta gizarte-zerbitzuak euren artean independenteak dira. Elkarren arteko laguntza eta koordinazio sendoagoa eskaintzen duten moduak aurkitu behar dira. Laguntza horretan bertan aurkitzen dira gaixo kronikoentzako hobekuntzak eta bertan identifikatzen dira osasun-sistema iraunkorra izatea lortzeko aukera emango duten eraginkortasun-marjina handiak. Horretarako, egiturak kudeatzeari utzi beharko zaio eta osasun-sistema integratuak kudeatzen ikasi beharko da, batez ere, tokiko esparruan.

Baina, ez da aipatutako ezer lortuko, iraganaldiko buruzagitza berbera garatuz. Aldaketaren konplexutasuna dela eta, hamarkada honetan, Osasunean buruzagitza desberdina garatu behar da. Tokiko eragiketa-esparruaren eta esparru korporatiboaren arteko beharrezko lerrokadura lortzeko helburuarekin, hedatuagoa den buruzagitza baten aldeko apustua egin da, bertan, zuzendari nagusiek, osasuneko profesionalek eta tokiko zuzendariek azaleratzen ari den antolaketa-berrikuntza sustatzeko baldintza egokiak sor ditzaten. Tokiko esparru horretan aurkituko dira gaixo kronikoek behar dituzten berrikuntza nagusiak. Maila horretan bertan aktibatu behar da radarra.

Rafael Bengoa
Osasun eta Kontsumo sailburua
Eusko Jaurlaritza